gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 10, asteartea
Jon Mirande
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > JON MIRANDE, GAUR ERE
JON MIRANDEREN BIOGRAFIA

Frantsesez



Jon Mirande eta Ayphasorho (Parisen, 1925-1972) euskal idazleak guraso xuberotarrak zituen. Aita Jean Mirande Garindainekoa, eta ama Marie Ayphasorho Sohütakoa, lan bila Frantziako hiriburura joanak eta hemen bi haur ukan zituztenak: prima, Marie eta Jon bi urte geroago jaioa. Oraindik bigarren mundu-gerla amaitua ez zelarik Jon, ikasketak Aragon lizeoan amaitu ondoren, fianntza Ministerioan hasten da lanean, itzulpenak eta bestelakoak burutzen. Gazterik sortu zitzaion hizkuntzetarako ikasmina eta Euskal Herriari buruz lortzen zituen liburu guztiak irakurtzen ditu. Berak euskaldun berritzat dauka bere burua, eta 1948an bere burua kristotar eta demokrata aldarrikatzen du, baina zentzu kritikoaz: hitz horien izena baino nahiago du izana.

Andima Ibiñagabeitia, idazle bizkaitarrarekin harreman estuak izango ditu, eta horren erginez Edgar Allan Poe, Per Denez, F. Nietzsche, F. García Lorca eta beste hainbat idazle itzultzen hasiko da, eta bere lanak Guatemalan Jokin Zaitegik zuzentzen duen Euzko Gogoa eta Gernika aldizkarietan idazten dituen zenbait artikuluk eskandala izugarria sortu zuten abertzaletasun ortodoxoaren munduan.

Bidaiak maite ditu eta Bretainia, Ingalaterra, Irlanda, Holanda, Alemania eta Dinamarka bisitatuko ditu. 1954. urtean bere lagun kuttun den Ibiñagabeitia Ameriketara joango zaio hutsune handi bat sortuz bere bizitzan. Koldo Mitxelenarekin harremanak estutuko ditu, 1956ko Arantzazuko Biltzarrean parte hartzen baitute biok, eta Mitxelenak zuzentzen duen Egan aldizkariarako zenbait lan prestatuko dizkio. jIbiñagabeitiak Caracasen 1958an Irrintzi aldizkaria moldiztegiratzen du eta bertan ere Mirandek parte hartuko du. Hurrengo urterako, 1959rako alegia, bukaturik dauka Haur besoetakoa eleberria, askotan V. Nabokoven Lolita-rekin konparatu izan dena. Halere, bere poemak bezala nobela labur honek ez du aurkitzen editorerik, garaiko intolerantziaren lekuko.

Txomin Peillenekin batera 1962an Igela, euskaldun heterodoxoen errebista sortzen du, baina bizitza laburrekoa izango da, sei ale soilik plazaratuko baitziren. goulven Pennaod-ekin Ar Stourmer breiztar aldizkaria kaleratzen du eta bertan komentarioak eta poeten itzulpenak ematen. Jon Etxaideren adiskide handi denez honek paratzen duen Etxahun'en bertsoak gipuzkeraz (1969) prestakuntza lanetan lagunduko dio.

Lur Argitaletxeak 1970ean Haur besoetakoa argitaratzen du. Gabriel Arestiren aurkezpen kritiko batekin. Arrakasta izango du eta ondoren edizio ugari.

Eritasun psikiko luze baten ondoren badirudi bere buruaz beste egin zuela 1972ko abenduaren 28an.

Gerraondoko euskal-paristar idazle modernoen eta hoberenetarikoa Thiais-eko hilerrian datza.

Patri Urkizu

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net