gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 10, asteartea
Jon Mirande
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > JON MIRANDE, GAUR ERE
OBRAS DE JON MIRANDE - IRU BURUAK

Volver



Kurt, ipar-jainko gazte bat iduri ederrez, iru bururi begira zegokion, iru Prantzitar-buru, ondar urdin gainean jarriak.

Ileak txistuz eta buztinez zikinduak zeuzkan ta iru aoek, odol zapalduaz beztuak, zabalik zirauten nola azken orru bat egozteko. Puskatuta zuen batak matralezurra, ortz ori etenak lurrean bai'zautzan aldamenean...

Lerrokatzen zituen Kurt'ek eta gero, atxur-igunarekin, ukaldi bakar batez iruak bear zituen bilibilkerazi, elbi beltz zorabiatuak egaldatzen ziralarik firrindan.

Kurt S.S'ak artu zuen Prantzitar-buruen bat adatsetik, eta eraiki. Ergai bat egon zan gazte-arpegi zimurtuari so, Hamlet'eko neurtitz zenbait âpetik esanaz - mutil ikasia bai'zenuen - eta gero lasai-lasai, beatz nikotin-oritu batekin, il-buruaren bi begi margulak erauzi egin zituen.

Ordu zenbait lenago, zigor-zelaiko iru Prantzitarri epaia jakinerazi zioten: il-epaia. Nola ordea il bear zuten iru zirtzilu intziritiok, ori erabakita ez zegoen oraindik. Ona zer zuen Kurt'ek asmatu.

Zigor-zelaiko barrioan egin zuten iru zulo, berdin sakon, metr'erdi bat zabal. Zulo bakoitzean gizon bana ipiñi zuten, burua baizik ez agiri... Iru gizonetatik bat aundiegia zan eta sorbaldak lurretik irtetzen zitzaizkion. Kurt'ek beraz bear izan zuen bekoki-erdian tiro batez garbitu. Gero beste zigorpetu bat bilatu, ura esegi, ta obian sar-erazi. Ezin-egona zegoen Kurt.

Azkenekoz, âtik, oro gerturik zituen. Iru zuloak ondarrez bete zituen Kurt'ek, ta atxur bat eskuratu, sei begi so zituela beldur-minez.

Ernst ere, Kurt'en adiskidea, etorri zan. Lugin arrunt bat zenuen Ernst, ta biraokatzen zituen iru buruak Sarguako gudaldiak zear nolazpait ikasitako prantzelgaitz batean. Baita baten gainera gernurik zuen ere.

Kurt atxurra eskutan, ekurugaitz zegoen; gogotik erdibituko zion lagunari bere kaskar gotorra. Alaz ere joan zan bestea eta Kurt iru buruen aurrean bakarrik gelditu.

Eztiki mintzatu zitzaien; laztandu ere egin zituen gazteenaren, etsituenaren ile-kizkur leunak. Eta abestu.


Abestu zizkien itxaslari-eresiak. Ipar-ltxaso'ko eresi zâr batzu, maitasunaz ta ontzi-ondamenez mintzo ziranak. Ilun, ta aztun, ta ikaraxe zeukan abotsa.

Bet-betan asi ziran iru buruak aldi batez-batean orruka. Ozkiriotu zan Kurt eta atxur-ukaldiz gazteenaren, buru ile kizkurtuaren matrailezurra birrindu zuen.

Ba'inan urde zitalok orruz ziarduten beti, abere-orru ikaraganiak emanaz, zeru urdinaren ta aleman baso musker otsanaren laidogarri.

Kurt ameskorrak bururatu zuen orduan lan eder, mozkorgarri bat. Atxurrarekin, ta ez ukaldi bakar batez, giz-enbor lurperatuetarik moztu zituen iru buruak eta ain zan gaitza atxurraren ortz-pean amor eman arte erabili zuten zarata nekez baizik ez bai'zuen entzuten Kurt'ek...

Odolez blai egindako ondar gainean, aragi gorria usteltzen ari zan pusketan.

Exeri zan Kurt, abesteari jarraituki...

Mirande'tar Jon.

Paris'en 1948

Volver

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net