gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 14, osteguna
Jon Mirande
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > JON MIRANDE, GAUR ERE
OBRAS DE JON MIRANDE - HERRI SAINDU ETA DEMOKRATIKOAREN PARABOLA

Volver



(Marc LEGASSEri barkbamendu eskatuz parodia itsusi horren gatik J. M.)


LEHEN ba zen herri saindu eta demokratiko bat. Euskalherria deitzen zena. Bainan Euskaldunak zorigaitz handitan bizi ziran, ez baitziran beren gain bizi.

HEGOALDEKO Euskaldunak erresuma arrotz baten menpean zeuden, Europako harroena zena. Gehiago dena, erresuma arrotz eta harro hori diktadura bat zen; hartan kapitalistak, militarrak eta elizgizonak ziran nausi. Kapitalistak aberats ziran, bainan behardunek: lurginek, langileek eta berheziki intelektualek kasik ez zuten dirurik zezenketen ikhustera joaiteko ere; diru ukhaitekotz bortxatu ziran militar edo elizgizon edo bertzela futbolista egitera. Militarrak oso gaiztoak ziran: jende gaztea soldado joaitera behartzen zuten, euskal-baserrietako muthil zintzoak bame. Erromako Elizak, azkenean, zuzenak oro zeduzkan: katholiko ez zirenak persegitzen zituen: liburuak gona motzak, bi zathitako igeri-jantziak eta dantza lothuak debekatzen zituen. Eta Euskaldunek oroz lehen libertatea maite baitute, ikhus zuhauiek zein dohakabe zeuden horrelako erresuma baten menpean.

IPHARRALDEKO Euskaldunak ere erresuma arrotz baten uztarpean bizi ziran, bere ustez munduko argituena zena. Erresuma arrotz eta argitu hori izenez Demokrazia bat zen, baina ez izanez. Ezen han ere aberatsak eta behardunak ba ziran, eta egiazko demokratek dakiten bezala, egiazko demokrazia batean -populudemokrazia batean- ez da aberatsik: oro behardun... Han ere militarrak ba ziran, beharbada Hegoaldeko erresumakoak baino gaiztoagoak, ez baitzuten bakharrik jende gaztea soldado izaitera eramaiten, bainan gerlarat ere, euskal-baserrietako inuthil zintzoak barne. Egia da gerla horietarik zenbait Zuzentarzunaren eta Demokraziaren alde izan zirela (horiek dira gutienez miliun bat soldado erorten diren gerla handi ohoragarriak) eta Euskaldunak botzik joan ziran gerla horietarat. Bainan gero militarrok hasi ziran gerla ttipi eta berekoien egiten -beren erresumako lur-zathi batzuen begiratzekotz eginak!...- Euskaldun demokrata bakezaleek nehola ere ezin onhar zitzaketenak. Azkenekotz, erraiten dudan lpharraldeko erresuma hortan atheistak eta Hargin Beltzak luzaz nausi izan ziran; Erromako Elizak ez zuen kasik batere zuzenik bertze gisaz pensatzen zutenen persegitzekotz, ez eta liburuen, gona motzen, bi zathitako igeri jantzien edo dantza lothuen debekatzekotz. Eta Euskaldunak, Harri-aroaz geroztik katholiko on direnak, asko dohakabe ziran Eliza gure Amaren aldeko erdeinu horren gatik.

BERTZALDE, nahiz Hegoaldeko nahiz Ipharraldeko Euskalherrian, herriko mintzaira, euskara maite paregabea Lurreko parabisuan mintzaturik izan zena, sekula izan den hizkuntzarik garbiena eta jakintsuena, gaizki erabilten zuten bi gobernu atzerritarrek. Ez zuten eskoletan irakasten, ez eta hauzitegietan, kazernetan edo administrazionean libre uzten. Euskalherria bere gain bizi izan zen aspaldiko dembora eder heietan ere, ondikotz! hala egiten zen: auzoko bi erresuma arrotz, bekhaitz, gaizto horien influentzia zela kausa. Horrengatik euskara maite paregabea bat izaiteko ordez 8 dialektutan eta 25 subdialektutan zathikatua zen, hala non Euskaldun anaiek elkhar enthelegatzekotz behar zuten erdara itsusi motzean hitzegin. Zer gauza bihotzerdiragarria Ama Euskalherriarentzat!...

ZIO (kausa) guzti horien gatik Euskaldun zorigaiztokoak bortxatu ziran beren Herri zoragarriaren uztera eta herbesterat joaitera, hala nola Ameriketarat (Euskaldunek zuten Amerika ediren, K.K.K. eta Eirik Gorriak baino askoz lehenago). Han aberasten ziran, libertatean bizi ziran, bainan fedea galtzen zuten eta beraz, han ere, dohakabe zeuden.

HALARIK ere, hain gaizki bizi arren, Euskaldun bakezale demokratek ez zuten gudurik nahi beren herri lillurugarriaren libertatearen ardiestekotz. Egia da Hegoaldekoak zer edo zer egitera entseiatu zirela, beren abaila eta ezpatekin etsaiaren aireplan, oldar-gurdi eta kanoinen kontra zuthituz, bainan, nahiz Jaun Goikoa haien alde zegoen, beren Lege-Zaharra galdu zuten. lpharraldeko Euskadunak zentzatuagoak ziran; heiek ere beren herri xarmantaren libertatea nahi zuten ororen gainetik, bainan, giristino eta demokrata on bezala, zin egin zuten ez zutela odolik ixuri'ko libertate horren ardiestekotz - beren zuzen onean fidantzarik aski zedukaten segur izaitekotz erresuma arrotzek, egun batez, beren gain eta beraz zoriontsu bizi izaitera berriz utziko zituztela. Eta haiduru zeuden.

ARRAZOIN zuten Euskaldun zintzo horiek. Ba zen orduan munduan zerkl miresgarri bat, ONU deithua, Demokrazia eta Zuzentarzuna bazter guztietan zaintzen zituena. ONU horrek libertatea eman zerauen herri menpetuei orori. Lehenik Afrikako kulturaherri zahar ederrak galtzetik salbatu zituen horrela: Sanghak, Lundak, Okandak, Apinglak, Mandingak, Songoak, Kakongoak, Bakangoak, Musorongoak, Minungoak, Edonongoak, etc. Gero Asiakoak: Kazakhak, Turkmenak, Txetxenak, Uzbekak, Kirkhizak, Buriatak, Tadjlak, Samoyedak, Buruxoak, Buruxoroak, etc. Gero Amerikakoak: Eskimoak, Irokesak, Araukandarrak, Blackfootak, Aztekak, Toltekak, Gugeanoak Quitxuak, Khakatsuak, etc. Azkenean, larru beltz, hori eta gorri guztiak libratu ondoan, Europako herri merezidunekin hasi zen: Lapoinak, Makedonak, Sorabitarrak, Jerseytarrak, Guerneseytarrak, Kornubitarrak, etc. Eta azken azkenean, Euskaldunak ere bai.

EUSKALDUNEK beren elizetan Te Deum ozen bat khantatu zeraukoten Goiko Jaunari. Gero zuhaizpetan bildu ziran beren biltzar, batzar, burubatzar eta zinbideetan Euskalherriaren geroari buruz deliberatzekotz. Ez zituzten deliberamenduak euskaraz egin, bainan Ipharraldeko edo Hegoaldeko erdaraz, munduari erakhustekotz ez zutela kultura-Imperialismurik atzoko bi erresuma menperatzaileek bezala -bai eta bata bertzearen hobeki aditzekotz. Ezen kontu handizko gaiez deliberatu zuten.

LEHENIK, nor izanen zen Euskalherriaren buruzagia erabaki zuten. Ez zuten nahi izan gizon bakhar bat izan zedin, hori Hegoaldeko erresuma arrotz harroaren etsempluari jarraikitzea izanen baitzen. Ez zuten nahi izan batzar bat izan zedin, hori Ipharraldeko erresuma arrotz argitua eredutzat hartzea baitzatekean.Gauza oso bere gisakoa, eta beraz oso euskalduna, asmatu zuten: hirur gizon izanen zirela Euskalherriaren nausi, bainan hirurak ongi hautatuak. Lehena, Euskalherri Hegoaldeko Capitalista bat - ez baitzuten segregazionerik batere egin nahi, antirazistak izaki. Bigarrena, Euskalherri Enbata-aldeko pelotari bat- pelota euskal kirol edo joku zahar zaharra baita, euskal-kulturako elemendurik premiazkoena, eta Euskaldunak munduko laur hegaletan famaturik egin dituena (cf. frantses verba peloter). Eta hirugarrena, Euskalherri lpharraldeko kalonje bat, karitate giristinoz bezainbat jakitatez betherikako gramatikalaria, euskararen 8 dialektuen 25 subdialektuetarik bat oso ederki zekiena.

HIRUR gizon hautu horiei esker Euskalherri berria herri libre eta demokratiko bati dagokion araura bizi izan zen. Erran gabe doa demokratak ez zirenak presondegian ezarri edo desterratu zirela, populua segurtarzunean bizi ahal zedintzat. Aberats gaiztoei gudu egin zeraueten; alabaina, ba dira aberats onak ere: erraiterako, Euskalherri librearen gobernu librea lagundu zutenak; hauk, natural den bezala, ohoratuak, xingolaztatuak, begiratuak eta zainduak izan ziran. Bainan gizon guztiek berdin balio dutela eta, euskaldun gobernu demokratikoak legez erabaki zuen bankierrak bertzeak bezalako gizonak izanen zirela, salbu-eta aberatsago.

DEMOKRAZIAREN hobeki finkatzekotz, auzo-erresumetarik jin militargoa harroa dena khendu zuten eta haren ordez euskaldun gudari jathorrak ibeni zituzten, herriko mugen zaintzekotz, ordenaren begiratzekotz, gobernugizonen gerizatzekotz; zenbait aldiz, gerla egitekotz ere. Bainan ez lehen bezalako gerla imperialita itsusiak, norberaren erresumaren ohorea edo handitarzuna gatik egiten ziren gerla berekoiak, baizik-eta Demokraziaren eta Zuzentarzunaren aldeko gerla ederrak. Ezen munduko larru beltz, hori edo gorri guztiak ordukotz libre ba ziran ere, noizik behin eztabaidak eta gathaskak gerthatzen ziran heien artean. Orduan ONUk bidaltzen zituen Lapoinak, Kornubitarrak, Euskaldunak eta Europako bertze populu libreak Afrikarat, Asiarat, planetarat... arrazoin zedukanari (erran nahi baitu, larrua beltzago zuenari) laguntza ekhartera, eta Euskaldunak botzik eta khantari joaiten ziran ONUk agindu lekhuetarat. Hanitzek azken ohoragarri bat aurkhitzen zuten Afrikako giza-jaleen sabelean, Asiako burhezur-bilhatzaileen bildumetan, etc., eta orduan medalla ederrak emaiten zitzaizklen heien etxekoei.

GERO Euskalherriko hirur buruzagiek euskara salbatu zuten. Hortan ere oso zintzoki ibili ziran ordea. Burubero edo mehe batzuek nahi zuten erdara khendu -edo behintzat bigarren mailan ezarri; eta “euskara bat-eta-landua” egin. Bainan hori diktadura bati dagokio, ez zinezko Demokrazia bati, huntan bakhoitzak nahi duen bezala mintzatzeko zuzena baitu. Horrengatik, gehiegikeriok utzirik, euskararen 8 dialektuak eta 25 subdialektuak hizkuntza ofizialtzat hartu zituzten; bertzalde, auzoko bi erdarak; bertzalde, latina, Eliza gure Amaren mintzaira delakotz; bertzalde, anglesa, salerospenetarako balio duelakotz. Ez bakharrik hizkuntza, bainan euskal-kultura ere salbatu zuten, Euskalherriko Universitate guztietan, doktrinaz (katiximaz) eta pelota-jokuaz bertze, euskaldun bertsolari xoragarrien bertso zaharrak eta bertso berriak, bertso jarriak eta bertso botatuak sakonki istudiatzen hasi baitziran, atzerriko sasi-idazle eta poetak bazter utziz.

AZKENEKOTZ, zorioneko Euskalherri libratu hortan, Elizak bere zuzenak berriz eduki zituen. Hastapenean, integrista gibeloi zenbaitek Protestantak, Hargin Beltzak eta Juduak ohildu nahi izan zituzten. Bainan hori ere Demokraziaren kontra izanen zen, bait eta gainera Aita Sainduaren manhamenduen kontra. Beraz, aski izan zitzaien Euskaldun katholiko onei egiaz galgarri eta eskandalgarri diren sekten desterratzea: adventistak eta adventista reformatuak, bahaistak, pagano zaharrak eta pagano-berriak, bio-kosmikoak, darbysta hersiak eta darbysta zabalak, homosexualak, mazdasnandarrak, neo-gnostikoak, neo-apostolikoak, neo-pazifistak, neo-palladistak, neo-spiritualistak, sayercetarrak, oomotistak, tritrinitaristak, libre-pentsatzaileak, eta bertze pentsatzaile guztiak. Gero liburuak, gona motzak, bi zathitako igeri-jantziak, dantza lothuak, eta bertze gauza guztiak debekatu zituzten. Orduandanik Euskaldunak ez ziran bakharrik libertatean bizi izan, bainan berthutean ere bai.

ETA egun oroz Euskaldunak biltzen ziran zuhaiz-petan, beren biltzar, batzar, buru-batzar eta zinbideetan, eta goraki khantatzen zuten: “Libertatea, zeinen eder, den!”.

ETA gau batez, gordailuz, gudari mugazainak hil eta, guztiek Ameriketarat ihes egin zuten.

Arriba

Volver

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net