gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
Lunes, 14 de octubre de 2024
Jon Mirande
GIPUZKOAKULTURA.NET > GUÍAS DE LECTURA > JON MIRANDE, TODAVÍA
OBRAS DE JON MIRANDE - IBIÑAGABEITIA'TAR ANDIMA'RI GUTUNA

Volver



(Paris, 1956-IV-11)
Adiskide maitea,

Eskerrik asko zure eskuthitza gatik. Hain aspaldi zure berririk gabe izaiki, jadanik uste nuen Indiano basatiek egoserazi eta jan zindutela edo Galindez zorigaitzekoa bezala, politikero batzuek harrapatu, zure herriketako ekhintza zela zio. Baina botzik dakhusat bethi sendo zarela, eta Venezuelako lurralde berriak abegi hon egin derauzula... Egitekoak ontsa atherako zaizkizula erresuma hontan ere itxaropen daukat; hor gaindiko Euskaldunez diostazunak ez nau batere harritzen, geroago eta arbuiagarriago baitzaizkit gure herritar maiteak. Niketz ahal bezain urrien ikhusten ditut orain. Zuri, Zaitegiri eta L. Mitxelenari baizik ez derautzuet idazten.

Beraz Irizar bathu duzu Caracasen. Haren alhabak -María Cruz- noizik behin idazten deraut, engalaraz; semeak aldiz, behin ere ez deraut bere berririk helerazi, nahiz astero ikhusten nuen Parisen zegoelarik (Iñakiz mintzo naiz, bertzea ez dut ezagutzen).

Miangolarra ikhusi duzulako berriak hâtik ez deraut atsegin handirik eman, ez eta nire olerkien argiteraztera zela jakiteak ere: zio hanitz gatik nahiago nuke argitaratzeke egon ditean zorigaitzeko olerkiok; den gutine jendetarzunik ukhan ba lu, delako Miangolarrak , aspaldi honatan idatziko zerautan gauzak nola zeozen erraiteko; ez zait batere zaldun baten jokaera, lehenik -nik deus eskatu gabe- berhala poemak ondu behar nituela, argitaratu nahi zituela eta, gero nik galdegin bezala egin eta, heiekin joaitea eta azkenekotz, sekulan ezer niri jakin erazi gabe ez argitaratzea; oraintxen, bat-batean, nihauk ez dakidalarik, irarkolara emaiteko, ba dakit idazlearen erdeinu hori ohiko zera dela Euskaldunen artean; hala ere, nik nekhez eramaiten dut horrelako axolgabekeria. Bildur naiz deus ezin egin dirodala, eta nire erranak berari idazten ba derauot ere gai horri buruz, lettre morte egonen direla; hargatik, zuk influentza pitin bat baldin ba duzu jaun horren gainean, othoi, eginahala egizu olerkien argitaraztea eragozteko. Esker mila aurretik.

Nire bizimodua ez dago ondikotz! atseginkorrenetarik oraingoan. Ama bethi ere eri dut, lehenik. gainera, lehen erran nerauzun bezala, lanolan ere seulako zailtarzunak lephoratu zaizkit. Behar ere philosopho egin naiz, demborarekin, khakamendu (hitz-berri ederra!) guzti hoien aitzinean. Hala ere, nire gogogiroa aldatu da hoik direla kausa, eta ez naiz geroago lehengo Jon-a... Hots, nire leheneko sua eta garra - gaztaroko amets urdin ergelak- itzali zaizkit oso. Ordainez gauzak bertze argi batean, egiazkoago den batean nire ustez, dakhuszkit orain. Ergelkeria izan da Euskaldunei indarraren Berri Hona aldarrikatzea, Eliza Amaren aurkha joaitea seme desleial antzo, gure herritar bihotz samurrekoak Germaniako basatien bizi-kontzeptuetara eraman nahi izaitea. Ergelkeria hoien bekhatuak damutzen nau txit - mea maxima culpa- eta ez dut gehiago egin nahi.

Bazko-ophorrak Alemanian iragan ditut hala ere (hain bait da oraindik ere handi ene itsumendua... ), Koloiniako eskualdean; baina ez derauot Krutwigen ikhustarik egin. Gaizki egin othe dut?

Peillendar anaiak lau hilabethetarik ikhusi ohi ditut; Legarralde eta haren bandakoak, aldiz, urthean behin...

Well, ene adiskide maite hori, aldi hontako uzten zaitut. Emazu zure bizitze berriaren berri, Venezuelan ondo kokatu zaratekenean. Nire burhasoek goraintzirik minenak igorten derauzkitzue; nik, aldiz, besarkarik hertsiena.

Jainkoak eta ez-jainkoak bira zure argitzaile!

J. Mirande.

Volver

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Departamento de Cultura, Juventud y Deporte - Diputación Foral de Gipuzkoa
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net