gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2019ko abuztuak 21, asteazkena
Jon Mirande
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > JON MIRANDE, GAUR ERE
JON MIRANDEREN OBRAK - AMSTERDAMEKO OROITZAPEN BAT

Itzuli



"Là, tout n 'est qu 'ordre et beauté,
Luxe, calme et volupté."
(Baudelaire, L'invitation au voyage)
Atzerri hontan nola ez laite
ene gogoa enoa?
Nepenthes ordez beharrik ba dut
jaunen garagar arnoa:
jasan ahala hurrupaturik
Paristik hurrun ba noa.
Lanhoak oro mozkor horailak
barreiaturik ni baithan
barneko soaz berriz dakusat
sekul' ahantzi ez zaitan
Amstel-ondoko hiri maitea
zeinen lillura derraitan.

Amsterdameko kaletan gaindi
berriz narama orhoitzak
etxe naroak ikhusten ditut,
botz ixilaren egoitzak;
betha litzake arima batek,
han, bere aiho bakhoitzak.

Itsasontziek, lur guztiaren
egin ondoren inguru
zekarten portu Ipharrekorat
Sorthaldearen leinhuru;
urbidetako ura ordea
berde zen, eta ekhuru.

Baldin parketan bazen atseden
lore goiztarren artean,
lantegi eta lankhuetarat
jende ariok joaitean
zuten antz zintzo 'ta zentzatua
kalvindarrena zatean...

Kalvinismurik othe zen aldiz
nengienean paseiu
Karrika bero hersietarik,
ostatu eta bar theiu
hêtan maitharzun ez-ohituek
ba zutelarik entseiu... ?

Utzirik gibel eme bero 'ta
gizon mozkorren multzoak,
nindabilano parketan, hurran
haur goiz-loratu gozoak,
ene zentzuak oi! ez ziraden
kalvindar eta zintzoak...

Lore heietan, Bessie, gaur zutzaz
bertzerik orhoit duta nik?
Ez, zu bakharrik, irriño batez
ene ondoan etzanik,
Blue-jean gorritan gorputxo bera
ferekuz gose jadanik...

Guztia balitz ere gezur bat
garagar-arnoz sorthua
zure orhoitzak daut populkatzen
gaur Pariseko mortua,
amets duela nere bihotzak
Amsterdameko portua.

Zeuri eskerrak, Amsterdam, edo
jainko-edari onari,
esperantza bat bihotz-ondoan
athea joka zait ari,
erdiz jostakan, benetan erdiz
bainan eztiki kantari!

Esperantza bat oraino denik
ur berdearen kolore
edo haur-eme baten soaren...
Ukhan dezala ondore
nik baratzetan, behin, harzara
biltzeko zenbait goiz-lore..!

Ipharraldeko Amsterdam hori,
zor derauzkitzut eskerrak
utzi dautazun amets-ondoko
esperantza so ederrak
dauzkidalakotz are zohartzen
gaur Pariseko bazterrak.

(Parisen, 1959-garreneko Jorrailan)

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net