gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko martxoak 29, ostirala
Jon Mirande
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > JON MIRANDE, GAUR ERE
JON MIRANDEREN AURKEZPENA


Mende laurdena Jon Miranderen heriotzaz geroztik iragana zela eta hauxe oroituz bai Koldo Mitxelena Kulturuneko bai Donostiako Liburutegi Nagusiko zuzendariek eskatu zidatenean euskal paristar idazlearen obraren inguruan zenbait literatur kritikari biltzea eta testu hautatu batzuk aurkeztea sentimendu gazi-gezak eta ohiko kezkak sortu zitzaizkidan.

Alde batetik, gure gerraondoko poetarik finen eta hoberentsuenetarikoa gure muga hertsietarik haratago behar bezalako duintasunez ezagutarazteak pozten ninduen, okasioaz balia bainintekeen bizpahiru lan argitaragabe eta ezezagun plazaratzeko, eta halaber euskal literaturari buruzko klitxe eta aurreiritzi mugatuak apurtzeko. Bestetik, ordea, gure egunoroko trajikotasunean bortizkeriak halako indar handia duenean nazizaletasuna eta indargintza predikatu bide duen lehenaren obra bera aipatzeak zalantzaz betetzen ninduen.

Erabaki nuen azkenean desafioari aurre egitea eta ahalegintzea gauzak diren-direnean agertzen, beharrezko denean gaitz eta onargarri ez dena salatuz, behar den eran. Hor zegoen gainera berriki plazaratu gutunetan Miranderen beraren 1956ko aitormena Andima Ibiñagabeitiari, -mea maxima culpa-. Jakina da ere, noski, artea eta literaturaren historia beterik dagoela gogoeta heterodoxo eta ekintza okerretan aritutako maisuen lanez.

Betoz, dena den, testuok garai eta idazle baten adierazgarri gisara, non euskaldun lokartuak ernatzea eta euskaldunen literatura goratzea eta eguneratzea sortze lanen eta itzulpenen (Nietzsche, Poe, Lorca, Kafka...) bitartez izan baitzen helbururik nagusiena. Gure xedea hein apal batean bederen beteko delakoan ari izan gaituzue.

Patri Urkizu

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net